XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konstituzioa zer den.

Konstituzioa Estatuari zuzenki lotuta dago.

Hain zuzen ere, Estatuaren ezaugarri nabarmenetarikoa arazo, gatazka eta errealitate politikoa orohar bideratu nahia da, eta honetarako Zuzenbidea da tresnarik aproposena, eta honen barnean, noski, Konstituzioa, hau bait da Zuzenbidearen gailurra.

Zuzenbidea, beraz, Estatuaren justifikazioa, forma eta helburua da.

Honenbestez, Estatu orok bere Konstituzioa izango du.

Are gehiago, Estatuaren gauzatzea Konstituzioaren bidez egingo da, bertan jasoko bait da erakunde-antolamendua eta gizarteak ustez dituen helburu eta printzipioak.

Estatua eta Konstituzioaren arteko identifikazioa jurista liberalei zor diegu, botere politikoa legearen menpean ezartzea izango bait da haien xede nagusia.

Kontzepzio liberal honi jarraiki, esan genezake Konstituzioa zera dela, arau juridiko funtsezko eta inportanteenen multzoa, zeintzuek gizarte estataleko erakundeak antolatzen dituzten, gobernarien ahalmenak ongi zehaztuz eta diskrezionalitateari eta arbitrarietateari mugak ezarriz eta herritarren eskubideak onetsi eta garantizatzen dituzten gizartearen helburuak eta iharduera-printzipioak zeintzu diren esanez.

Bi edukin nagusi izango ditu, beraz, Konstituzioak: herritarren eskubide eta askatasunak batetik (zati dogmatikoa deituko zaiona) eta bestetik erakundeen konposaketa, ahalbideak eta iharduera (zati organikoa).

Zentzu estrikto batetan, beraz, Konstituzioa Estatu modernoarekin sortuko da, liberalismoaren garaipenarekin.

Lehenengo Konstituzioak, gero ikusiko dugunez, ingelesa, iparramerikarra eta frantziarra izango dira.

Baina honek ez du esan nahi zentzu zabal batetan antzinago konstituziorik ez zenik.

Historian zehar, geroxeago ikusiko dugunez, giza komunitate askok izan dituzte gobernatzeko legeak eta gobernariek hauen arabera jokatu behar zuten.

Lege hauek, dena den, nagusiki ohitura eta pertsona eta taldeen arteko paktuez adierazten ziren.

Razionalismo modernoak ekoiztuko du lege idatzia borondate orokorraren fruitu bezala.

Hein honetan, Konstituzioa lege inportanteena izango da, ordenamendu juridikoaren gailurra.

Konstituzioaren kontzeptua zehazteko orduan bada oso kontutan izan beharreko beste bereizketa: Konstituzio formala eta materiala.

Konstituzio formala dokumentu batetan idatzirik dauden funtsezko arauek osatzen dute.

Baina ez dugu ahaztu behar erabaki politikoak gizarte batetan dauden botere eta indar desberdinen arteko harreman dialektikoaren ondorio direla une historiko bakoitzean eta berau aldatzen doan neurrian dinamika politikoa ere aldatu egiten dela.

Esan nahi duguna zera da, Konstituzio bat indarrean jartzen denetik prozesu politikoak dinamika propioa duela eta honek testu nagusiko atal batzu zentzu batetan aplika ditzake, (...).